Akta Liburu honek Bilbon 2021eko uztailaren 1etik 3ra egindako EKONOMIA FEMINISTARI BURUZKO VII. KONGRESUAn aurkeztutako ponentziak, komunikazioak, posterrak eta tailerrak jasotzen ditu “BIZITZAREN SAREGILEAK: Sare feministak ekonomiaren oinarriak astintzen” izenburupean.

Eskuragarri hemen: LIBRO DE ACTAS – @CongresoEcoFem

Bizitzaren saregileak. Sare feministak ekonomiaren oinarriak astintzen

Trasteak, trepetak, tramankuluak eta argiak

Badira emakumeak, egungo egoera makalean ere –edo agian horregatik bereziki-, sareak sortzen eta bizkortzen tematuak direnak. Horrela gertatu da aurtengo (2021eko) uztailaren 1, 2 eta 3an non Ekonomia Feministari Buruzko VII. Kongresuan itsasportu eta lur askotatik hamaika saregileei bildu den ekonomiaren oinarriak serio astintzeko asmoz. Saregileen esperientziatik tiraka, sare sendo bizia osatzea halaberrezkoa dela jakin dute atoan kongresukideek. Hartara, irrintzia, kanpai-hotsa, adar-orroa, ke- seinalea, edo mezu elektronikoa antzeman eta batera itxaropentsu erantzun diote deiari, eta biltzarrera inguratu dira bai on-line zein aurrez aurre (Bilbon). Laguntasuna ematera etorri dira Italiatik, Chiletik, Uruguatik, Brasiletik, Kolonbiatik zein El Salvadorretik; baita ere Euskal Herriatik, Madrildik, Galiziatik edo Kataluniatik, besteak beste.

Antonella Picchiok kongresuko hasierako saioan, Feminismo erradikala bizitza defendatzeko hitzaldian, azpimarratu du gaur egungo egoera ekonomikoa muturrekoa dela, ez bakarrik nabarmen desorekatua delako baizik eta sostenga ezina delako ere bai, eta gaineratu du heriotza eta samina gauzatzeko bide ezin ankerragoak erabiltzen dituela sistema basati honek. Bere hitzak han bildutakoen arimek sentitzen zutenekin bat egin dute; sistema sozioekonomiko isolatzaile, mingarri eta zakar honi buelta ematearen premia nabarmen sentitu da kongresuan zehar.

Asmo horri erantzun nahiean, ekarri dituzte itxaropentsu saregileek lanabes eta erreminta sendoak: sareak, jostorratzak, amuak, hariak, ideiak, hitzak eta bizitzak, eta horiek guztiak partekatu dituzte. Horrela, Cristina Carrasco-k eta Mari Luz Estebanek, mundu konplexu honi aurre egiteko, ikusmirak zabaltzeko eta hedatzeko gaitasuna duten prisma analitikoen bitartez begiratzea gomendatu digute elkarrizketa bizi eta trinko batean. Halaber, hirugarren saio orokorrean Miriam Nobre-k, Daniela Osorio-k eta Sonia Ingunza-k ekonomia inarrosteari ekin diote lantaldean. Hauek, sisteman aldaketa eragiteko, tokian toki sortzen diren erresistentzia feministen trukaketek ahalbidetzen dituzten aukerak aztertu dituzte. Gainera, kongresuan, 70 komunikazio, poster eta ekintza plazaratu dira, eta haien bitartez, irtenbide berriak eta anitzak erein dituzte lur ilun, lodi, heze eta emakorrean.

Amaierako saioan, halaber, kongresukideek adierazi dute “emakumeok, etxeetan, ez dugula nahi izan eta ezin dugula izan sistema biozida baten ihes-balbula” eta agindu dute ekonomia feminista ezinbesteko jarduera emantzipatzailea den heinean, feminista guztiek -izan akademiakoak, aktibismoan dihardutenak, erakunde publikoetan jarduten direnak edo eguneroko bizimoduan aldaketa egikaritzen dutenak- elkarri eusten jarraituko diotela. Era berean, gogoratzen dute, sistema ekonomiko krudel eta erailtzaile honen oinarriak gogotik astintzeko lanean, ikuspuntu ugari eta ugaltzaileak izango dituztela kontuan: zaintzak, elikadura-kateak, maila guztietako politika publikoak, ekonomia sozial eta solidario eraldatzailea eta, baita ere, esparru komunitarioa.

Eskaintzen dizuegun argitalpen honetan Ekonomia Feministari Buruzko VII Kongresu honetan elkartrukatu diren traste, trepeta, tramankulu eta argi guztien berri izango duzue. Sare honi lotu nahi izanez gero, oraintxe duzue aukera haria hartu eta bizitzaren saregile bilakatzeko.

Skip to content